Zazpi helburu nagusi, 6 jarduera-ildo estrategiko, 23 proposamen eta 40 ekintza zehaztuak ditu Usurbilgo merkataritza eta ostalaritza, “testuinguru zail eta konplexu honetan” biziberritzeko Usurbilgo Udalak Siadecorekin landu duen bigarren planak. 2009-10 urte artean diseinatu eta azken hamarkadan martxan izan den lehenengo plangintzaren segida da. Orduko hainbat egitasmo bideratu ostean dator berria; besteak beste plangintza hartatik eratorritakoak dira erosketak egiteko aparkaleku urdinak edota erosketak ordaintzeko txartela. Honako hau gutxienez bost urtez izango da indarrean. Milioi bat euro inbertituko ditu sektoreotan udalerri honek.
Pandemiak eragindako “egoera ezegonkor, aldakor eta ziurgabean” aurrera jotzeko, nora joan seinaleztatuko duen itsasargi bezala definitu zuen Agurtzane Solaberrieta alkateak plangintza berria, ekainaren 10ean Potxoenean egin zuten aurkezpenean. Egitasmoak “hara iristeko garatu beharreko ildo estrategikoak, eragile bakoitzaren egitekoak ondo definitzen ditu”. Sektorea babestu eta zaintzeko beharra dagoela azpimarratzen du alkateak, Udalaren erronka nagusietakoa dela, “mundu geroz eta globalizatuago eta digitalizatuago batean” bizita, alkateak gaineratzen zuen moduan, pandemia honek sektoreak bizirauteko aurrez zituen zailtasunak areagotu baino ez dituenean.
Pandemiak baldintzatuta
2019. urte amaieratik pandemiak bizimodua aldarazi arteko tartean landu zuten diagnosia, Covid-19ak etxean sartu gintuenean jarri zuten martxan plana. Diagnosia diseinatzeko, eragile bakoitza banaka elkarrizketatu zen, baita 600 etxebizitzatik gora ere. “Emaitza zehatzak eta oso interesgarriak utzi ditu”, zioen Potxoenean, lanketa hau bideratua duen Siadecoko ordezkari Juanjo Allurrek, parte hartu dutenei eskerrak helaraztearekin batera.
Pandemiak bete-betean eragin du egitasmo honetan. “Diagnosiaren ondorioak eguneratu beharra izan genuen”, Allurren esanetan. Eta plangintza jorratzeko aurreikusiak zituen lehentasunak eta dina- mikak aldarazi zituen.
Ildo estrategikoak
-Sektoreko lankidetza indartzea, “bakarka ibili baino elkarrekin arituta emaitza hobeak lortuko direla benetan sinestea”, Allurrek zioenez. Horrekin batera, Hurbilagora bazkide berriak erakartzea, kanpo komunikazioa garai berrietara egokitzea.
-Lankidetza publiko-pribatua sustatzea litzateke beste helburua, sektorea zeharlerroa izatea herrigintzaren alor guztietan, ezinbesteko eragile gakoak kontuan hartuta; sek– torea, Udala eta herritarrak, herri eragileak. “Herri bizia izaten segitzeko sektore garrantzitsua da” ostalaritza eta merkataritzarena, Allurrek nabarmentzen zuenez. Herriko bizitza soziokulturala ostalaritzarentzat onuragarria dela adierazita, urrats bat gehiago emateko erronka proposatu zuen; merkatarientzat ere onuragarria izatea. “Larunbateko plana” inguruko merkataritza gune handietara joan beharrean, “gure herrian” geratzea izatea.
-Merkataritza eskaintza ahalik eta osoena izatea Usurbilek, hortxe beste erronka, bai herrigunean eta auzoetan. Horretarako erraztasunak eskaintzen jarraitzea negozio berriak zabaldu nahi dituztenei (alokairurako, inbertsioetarako…) eta dauden “hutsuneak osatzeko ahalegin berezia egitea”, egun herriak ez dituen zerbitzu eta produktuak eskaintzeko. Eta bestelako zerbitzu osagarriak ematea, hala nola produktuak etxera eramateko zerbitzua.
-Sektoreari ikusgarritasun gehiago eman, mundu birtualean martxan den gertuago.eus webgunearen bidez, edota kalean, Hurbilagok herri bizitza sustatzeko bidera ditzakeen ekimenen bidez.
-Sektorearen modernizazioa. Etengabeko formazioa bultzatu eta teknologia berrietan murgiltzea, tartean, TicketBai egitasmorako berregokitzea.
-Herri nahiz auzoak erosoago eta erakargarriago bilakatzea, paseorako eta erosketak egiteko oinezkoen eremuak sustatuta, eta aparkalekuak hurbil kokatuta.
gertuago.eus, herri merkataritzaren eta ostalaritzaren erakusleiho bateratu berria
Tokiko merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko plangintza orokorretik sortu zen iaz, gertuago.eus egitasmoa. Udaberriko konfinamendutik irten ginenean, sektorea laguntzeko eta tokiko kontsumoa sustatzeko erosketabonuak %20ko deskontua aplikatuta salgai jarri zituen ataria izan genuen iragan martxora arte.
Erosketa bonuok herriko dendetan xahutu genitzakeen. Web orriak berak, Usurbilen ostalaritza eta merkataritza sektorean dugun eskaintza zabala islatu zuen. Eta hala izaten segi nahi du, Usurbilgo Udalak ekainaren 10ean Potxoenean aurkeztu zuen egitasmoaren fase berri honetan ere.
Hitzarmena indartzeko apustua
Udalak berak eta Hurbilago Elkarteak 2021erako sinatua duten lankidetza hitzarmenaren harira dator aldaketa. Egun, herriko 51 establezimenduen egoitza da gertuago.eus webgunea, “erreferentzialtasuna lortzen ari den ekimena” alkatearen esanetan. Eta herrian erosteko konpromisoa areagotu den pandemia garaiotan, hortxe kokatzen dute hurrengo erronka; “erosketa bonuak eskuratzeko webgunea izatetik haratago, Usurbilgo establezimenduen erakusleiho bateratu bat izatea”, alor honetan abiarazten diren egitasmoen erreferentziazko marka.
Erakusleiho ahalik eta bizien eta osatuena izate aldera, herritarrek etengabe atari honetara erakartzeko arrazoiak izateko, baliabide propioak indartzeko apustua egin dute Hurbilagok eta Udalak sinaturiko hitzarmenaren bidez; orain arteko 8.000 eurotik 30.000 eurora hazi da Udalak ostalari eta merkatarien elkarteari egindako ekarpena. Testuinguru honetan, Gertuago egitasmoaren fase berri hau kudeatzeko Miren Cuerdo dinamizatzailea kontratatu dute.
“Informazio bila eta merkatariak hurbiletik ezagutzera gerturatuko naiz establezimendu ezberdinetara”, zioen Potxoeneko aurkezpenean Cuerdok. Helburua, erakusleiho hori sortzeko katalogoa osatzea litzateke eta establezimenduek bere eskaintza online saltzeko aukera ematea. Datuak eta irudiak bilduko ditu Cuerdok dendaz denda. “Modu pertsonal batean lan egitea gustuko dut. Bakoitzari behar duen denbora eskainiko diot”.
Informazioa jaso ahala gertuago.eus atarian zintzilikatzen joango dira, uztaila hasieran. “Gonbidatu orain arte parte izan ez direnentzako, Gertuago zabalik dagoela merkatari guztientzat. Ekimen honetan parte hartzera animatzen ditut”.
Aukera ona, hain ezagunak ez diren zerbitzuen berri emateko
51 establezimendu batzen ditu egun fase berrian sartu den Gertuago egitasmoak. Norberak duen eskaintza ezagutzeko plataforma ezin egokiagotzat jotzen dute sektoreko eragileek. Proiektuarekin bat egin dutenen artean da Saizar sagardotegia. Azken urtean erosketa bonuak salgai izan eta “gure etxean oso ondo funtzionatu ostean”, Joana Lertxundik iragan osteguneko aurkezpenean Potxoenean zioenez, hain garrantzitsua bilakatu den digitalizazioan jauzia emateko “aukera ona iruditu zaigu plataforma”.
Aukera ona baita, agian bezeroentzat hain ezagunak ez diren zerbitzuen berri emateko ere. “Pentsatzen dugu dena ezaguna dela, baina beti dago jendeak hainbeste ezagutzen ez duen zerbitzu edo produkturen bat erakusteko aukera”.
Eskaintzen dituzten produktu eta zerbitzuen katalogoa prestatu eta “pixkanaka ditugun berrikuntzak, unean uneko eskaintza erakusten joango gara”. Aukera egokitzat jotzen du Lertxundik, “gure salmenta bultzatzeko” ere. Finean, “proiektu polita” iruditzen zaio, bakoitzak “herritar guz- tiei eskaintzeko duenaren erakusleihoa izateko”.
Gertuago.eus plataformarekin bat egin duen beste establezimendu bat Lizardi liburu denda da. “Oso gustura gaude” egitasmoarekin, zioen Irati Artzek. Aukera baliatzeko asmoa agertu du.