Dendatik plazara

Erle Egunik ez da izango aurten, baina urteko hitzordu gozoena ospatuko litzatekeen egunak alternatiba badu oraingoan; Hurbilago azaroaren 28rako (igandea) antolatzen ari den azoka. Herri merkataritza saltokietatik erdigunera, plazara atera nahi du, dutena erakusteko. Erakusleihoa dendatik plazara lekuz aldatuko dute. Eta erosi nahi duenarentzat salgai aurkituko ditu hainbat produktu.. Herriko lau merkatari eta ostalariak erakarri ditu estreinako edizioak; Lizardi liburudenda, Marije arropadenda, Saizar sagardotegia eta Otar Goxo janari denda.

Haiekin batera herriko hiru sortzaile izango dira; batetik Ione Iruretagoienak diseinatutako arropa, urte amaierara arte Itziarko Burugorri ostatuan “kolore seriea” izeneko erakusketa kokatu duen Zorione Mendez bere “Marrak” proiektuarekin eta Buztinzulo elkartekoen zeramika lanak.

Haiekin, Usurbildik kanpotik etorritako hainbat artisauen postuetan barrena osteratxoa egiteko aukera izango dugu. Guztira 24 bat partehartzaile bilduko ditu azokak, antolatzaileen esanetan; kosmetika naturala, produktu jasangarriak, eskuz jositako poltsak, moda, bitxigintza… Erle Egunean etorri izan diren gozogintzako zenbait postu ere azoka honetara bueltatuko dira. Aukera ederra beraz, urte amaierako ospakizunei begirako erosketak egiten hasteko.

Jai kutsuko azoka izatea nahi du antolakuntzak. Beraz Dema plazan merkatari eta artisauen postuak aurkituko dituzue. Frontoian aldiz, txikienentzako eremua. Covid19 garai honen aurreko urteetan, Hurbilagok gabonetan antolatzen zuen parkea hain zuzen. Formatu txikiagoan baina goiz pasa ederra egiteko eskaintza zabalarekin; puzgarriak izango dira, 3D zinea, jumping… Buztinzulo elkarteak zeramikako tailerra eskainiko du gaztetxoentzat.

Sarrerak

Herrian bizitzeaz gain, erosteak abantaila ugari eskaintzen ditu. Horietako bat, azaroaren 28ko azokari begirakoa. Hurbilago elkarteko saltokietan erosketak egitearen truke, puntuak jasoko ditu bezeroak. 10 puntu batuz gero, puzgarrietarako sarrera doan izango du azoka egunean. Bestetik, hilaren 28an herriko merkatarien postuetan 20 eurotik gorako erosketaren bat eginez gero, Hurbilago Elkarteko establezimenduetan xahutzeko 5 euroko bonoa eskuratuko du. Gainerakoan, azokan jan edana ere egongo da; Saizarrek txotxa jarriko du eta Otar Goxok txorizo pintxoak sukaldatuko ditu.

Ikustera sartu

Azaroaren 28ko azoka herri merkataritzaren erakusleiho ere izango da. Erosteaz gain, herrian dugun eskaintza zati bat ezagutzeko aukera. Sarritan kosta egiten omen zaigu eta herriko dendetara zer duten ikustera sartu edo behar dugun produktua ote duten galdetzera. Azokak honenbestez, parada eskainiko du antolatzaileen esanetan, merkatari eta bezeroen arteko harremana sendotzeko, herrian erosteko kultura indartu eta belaunaldi berriei helarazteko, “bezero berriak erakartzeko eta bezero direnak gertuago sentitzeko”. Gertuago aipatuta, gogoan izan, azokaz gain, eta herriko dendek erakusleiho birtuala dutela eta haien berri jaso dezakezuela gertuago.eus atarian eta beraien sare sozialetan.

Hurbilagoren azoka

Eguna: azaroak 28, igandea.
Ordua: azoka 11:00-14:30 artean, puzgarrien eremua 10:00-15:00 artean.
Tokia: postuak Dema plazan, puzgarriak frontoian.
Antolatzailea: Hurbilago elkartea.

Menua